TKGune

TKgune programa Lanbide Heziketako Sailburuordetzak 2014/15 ikasturtean abian jarri zuen ekimena da. Ekimen horretan parte hartzen duten ikastetxe publiko eta itunduek helburu nagusi hau dute:

“Lanbide Heziketako ikastetxeen eta enpresen artean noranzko biko jakintza-transferentzia ahalbidetzea”

Helburua enpresekin berrikuntza proiektuak garatzea da, irakasleek eguneratze zientifiko-teknologikorako dituzten premiei erantzuteko, betiere berrikuntza sustatuta bai enpresa txiki eta ertainetan, bai LHko ikastetxeetan.

Zeregin horretan, garrantzi berezia ematen zaio enpresek beharrei erantzuteko duten gaitasunari, eta proiektuek irakasleentzat erronka izan behar dutela nabarmentzen da.

Informazio gehiagorako: www.tkgune.eus

IRUNGO LA SALLE GAI DA HAU EGITEKO ...


IRUNGO LA SALLEK GARATUTAKO PROIEKTU BATEN EREDUA

ZIRKUITU INPRIMATUAK LEUNTZEKO MAKINA BATEN DISEINUA SINPLIFIKATZEA ETA HOBETZEA

CIRLAN SL enpresan zirkuitu inprimatuak leuntzeko makinan arraboletarako euskarrian errotazio handiko piezak birdiseinatzea

 

Proiektuaren helburuak:

 

CIRLAN, S.L. enpresak Led teknologiarako zirkuitu inprimatuen gama zabala eskaintzen du, bai alde bakunekoa, alde bikoitzekoa, metalizatu gabea, bai metal core zirkuituak.

Enpresaren funtsezko oinarrietako bat fabrikazio-prozesuak etengabe hobetzea da, eta horrek esan nahi du ahalik eta laburrenak izan behar dutela bai birjartzeko materiala biltzeko denborak, bai makina gelditzeko denborak. Hori dela eta, enpresak Irungo La Salle lanbide-eskolarekin harremanetan jartzea erabaki du, fabrikazio-prozesuan puntu kritiko bat konpondu ahal izateko, geldialdi-denbora handia dagoelako.

Lankidetzaren helburua da zirkuitu inprimatuko plakak tratatzeko erabiltzen diren arrabolen euskarri-piezak berriz diseinatzea, denbora horiek minimizatu ahal izateko.

Arazoa aztertzean, metal-plastiko kontaktu bat ikusi zen, euskarri-piezak haustea zekarrena. Hau da, arrabolen punta metalikoek, biratzean, marruskadura eta higadura eragiten zuten euskarriko pieza plastikoetan.

 

Egindako atazak:

 

  • Arrabolaren euskarriaren eta puntaren eredua 3Dn sortzea.
  • Analisi dimentsionala eta tribologikoa.
  • Tefloia sakabanatuta duen metalezko zorro bat plastikozko euskarrian sartzeko proposamena.
  • Prototipoen fabrikazioa eta hainbat laginen funtzionamendua aztertzea.
  • Zorroa blokeatzeko sistema aldatzea.
  • Zorroaren euskarri-hormaren lodiera handitzea.
  • Fabrikazio gehigarrirako plano eta eredu berriak sortzea.
  • Prototipoen fabrikazioa eta lagin berrien funtzionamendua aztertzea.
  • Diseinua aldatzea, zati ez-funtzionalak sinplifikatuz.
  • Proiektua baliozkotzea.